Mahaia Berrian

MAHAIA arabari eta Kultur Salbuespenari buruzko iritzi artikulua.

http://www.berria.eus/paperekoa/1832/016/003/2015-10-30/errautsetan_hazia.htm

Ander Elorza Urdangarin – Mahaia-ren behin-behineko, kontseilua

Kultur Salbuespena» esan zitzaion Frantzian, Jack Lang kultur ministro ohiak ezarritako artearen eta kulturaren defentsarako politika aktiboari: edalontzi bat, edalontzi bat da, eta liburu bat, liburu bat. Ideia sinplea, gaur egungo zenbaiten modu sinplistan adierazia, baina kontzeptu konplexua. Sorkuntza artistikoa ez da beste edozein merkantzia modukoa, dimentsio sinboliko bat du, eta identitate kolektibo bat eratzen laguntzen du.

Ezagunak diren Frantziako ikus-entzunezko produkzioaren kuotez aparte, Jack Langen ministerioak kulturaren defentsarako hainbat neurri jarri zituen martxan: arte eszenikoen profesionalentzat, bere kontratuen behin-behinekotasuna kontuan hartzen zituzten diru-laguntzak; irratiek frantziar musikaren batez besteko gutxieneko bat eskaini behar zuen etab. Oro har, herri oso aberatsetan fundazio pribatuek egiten dutena, estatuak berak jasaten zuen bere gain.

Kulturaren balizko arkadia zoriontsu honen aurrean, nola ez, liberal klasikoak izan du zeresanik, Kultur Salbuespena estatuaren hegalpean bizi nahi duenaren habia bihurtzeko arriskua plazaratuz. Nahita ahaztuta, agian, merkatuaren aire librean dabiltzan hegazti harrapariak eta bestelako txorilajea.

Beste kritiko ezkertiarragoek kulturaren demokratizazioaren porrota aditzera eman dute. Diru-laguntzak gora egin bai, baina profesional intelektualei soilik egokitzen omen zaizkie, eta horrek sorkuntza gutxi batzuren eskuetan jarri du.

Baina eztabaida sutsu bat egoteak hizpide den gaiaren garrantzia adierazten du; izan ere, artea eta kultura tradizionalki etengabeko hausnarketa eta birformulazio gaia izan baitira Frantzian.

Tamalez, hori ez da hegoaldean dugun errealitatea, ia kultur salbuespen-egoera batez hitz egin daitekeen honetan. Azken urteotan, sektore honek pairatu behar izan dituen erasoak ustez gainditutako beste erregimen batzuek diseinatuak dirudite. BEZ kulturalaren igoera izan da neurririk deigarriena zentzu horretan, argi uzten baitu Espainiako Gobernuarentzat edalontzi bat eta liburu bat gauza bera direla; eta zera ere badiosku, txiroek eta aberatsek berdin ordaintzen dutenez zergaren igoera, kultura azken horientzat dela.

Baina egoera gure lurraldera ekarrita (Arabaz eta Gasteizez ari naiz), estatu osoan isla izan duten murrizketei gure kultur politiken etenik gabeko inprobisazioa gehitu behar zaio. Plangintza horiek, askotan, halako alderdi baten estrategiari erantzun zioten; besteetan, halako errentagarritasun interesari, ez bazen bestelako gutizi edo ateraldiari.

Edonola ere, erakundeak beste nonbaitera begira aritu dira, kulturaren sektoreak bere gizarteak eskatzen zuen sorkuntza dosiaz hornitzen eta hala moduz bizirik irauten zuen bitartean. Bidean gelditu dena ezaguna da askorentzat. Proiektuak, egitasmoak, eraikuntza fantasmaren bat… Gaur egun duguna, espresio artistikoen festibalizazioa, egiturarik gabeko azpiegiturak…

Baina erakundeei soilik ez dizkiegu zor munduko gaitz guztiak. Sakabanatuak geundelako ala dena delako arrazoia dela medio, erakundeek ez zuten aspaldi honetan nori zuzendu kultur politika alorrean zituzten ideiak kontrastatzeko; edo ez, behintzat, Arabako eta Gasteizko Kulturaren eta artearen sektorea modu plural, demokratiko eta independente batean ordezkatuko zuen solaskide egoki bat.

Gabezia horren aurrean Mahaia plataforma jaio da orain dela egun gutxi. Proiektu honen genesia aurkitzeko, aurtengo ekainari begiratu behar diogu. Zenbait gasteiztar sortzailek deialdi bat egin zioten hiriko eragile kulturalei, lehenik Asanblada bat egin eta egitura eta oinarrizko ideia batzuk adosteko, gaur egun 0 dokumentuak jasotzen dituena. Mahai sektorial horrek argi zeukan azkar mugitu behar zuela, gobernu aldaketa berriek kulturaren sektorearekin eztabaida zuzenak bideratu zezaketelako, eta solaskide egoki bat izan nahi bazuen kulturaren sentsibilitate guztiak elkartuko zituen kohesiodun plataforma sendo bat izan behar zuen.

Mahai sektorial honek ulertu du legealdietatik harago doan kultur politika sakon batek kultur eragileen eskarmentua eta ezagutza, artisten talentua eta, oro har, gizarte zibilaren iritzia behar duela, erakundeen kudeatzeko gaitasunarekin batera. Horregatik, plataforma honek, egile eta bitartekariei zuzentzeaz gain publikoari ere zuzendu nahi dio deialdia; izan ere, kultura eta artea artistena soilik ez den bezala, bere defentsa gizarte osoaren ardura baita.

Gaur egun, 200 harpidedunetik gora ditu plataformak, eta hazten doa egunetik egunera. Bere hurrengo betebeharrak atxikimendu horiek kudeatu eta mahai sektorialetan banatu, erakunde eta alderdi politikoen ordezkariekin elkartzen hasi eta kontseilu iraunkor bat osatzea dira. Oro har, Kultur politika sendo baten zimenduak eraikitzen hasi. Izango da denbora kultura salbuespena den ala ez eztabaidatzeko, artea zer den eta zer ez den hausnartzeko. Asko dago egiteko, asko dago ikasteko oraindik. Apaltasunez begiratuta, hurbileko lurraldeetan egindako bideak ikusiz asma ditzakegu bide berriak, saihestuz akats ezagunak. Errautsetan haztearen abantaila da hori.

Anuncios
Esta entrada fue publicada en Prentsa/Medios. Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s